parallax background

Informazioa


FORMAKUNTZAREN AURKEZPENA

Euskal tradizio eszenikoa eguneratzeko eta interpretatzeko ahalegina egin aurretik, ondare immaterial eszenikoaren hezurdura ulertu beharko litzateke. Horretarako ondare honen antzezgarritasuna eta antzezleen errealitate sozialaren arteko loturan murgiltzea ezinbestekoa da. Euskal folklorea aztertze aldera komunikazio legeak, antzerkigintzako teoriak eta edozein pieza artistiko ekoizteko egin beharreko faseak ikertu beharko ditugu. Hala antzezlea, estetika, kontestua, ikuslea eta istorioa osotasunetik behatu daitezke.

Hala ere, ondarearen barne egitura hau, jakina denez, ez da beti berdina izan eta bilakaera izugarria izan du azken mendeetan. Formakuntza honetan XIX. mendetik egun arte euskal folklore eszenikoak izan dituen hezurdura ezberdinak aztertuko ditugu. Hain zuzen ere, euskal gizarteak beti erabili izan ditu Euskal dantzak bere burua antzezteko eta irudikatzeko. Beraz, XIX. mendeko landa gizarteak eta XX. euskal komunitatea industrial eta post industrialak euskal ondare eszenikoaren kudeaketa, exekuzio eta ekoizpen estrategia ezberdinak garatu zituzten.

Ikastaro hau laburra denez, nekez helduko gara sakonki ulertzera ibilbide historiko honetan euskal gizarteak nola bilakatu eta moldatu duen bere ondare eszenikoa. Hala ere, transformazio honen hastapena helarazi nahi da, euskal gizartearen bilakaera eta euskal dantzen arteko harreman estuaren mapa bat aurkeztuz.

HELBURUAK

Helburu orokorrak

1. Euskal dantzen kudeaketak eta ekoizpenak herrigintzan duen eragina plazaratzea.

2. Euskal ondare eszenikoa etengabeko bilakaeran daudela azaltzea.

3. Euskal komunitateko errealitateak euskal dantzak nola zizelkatzen dituen behatzea.

Helburu espezifikoak

1. Ondare immaterialeko eszenaratzeetako estetika ulertzea.

2. Ondare immaterialean eszenaratzen diren irudiak ulertzea.

3. Antzezleen eta ikusleen egitekoa ulertzea.

4. Ondare immaterialeko marko denboralaren eta espazialaren eragina ulertzea.

5. Ondare immaterialaren kudeaketa aurre industrialaren/Industrialaren/post industrialaren eredua berrikustea eta deskribatzea, garrantzitsutzat jotzen diren jarduera eta kudeaketa-protokoloak deskribatuz.

6. Batzokiek eta beste ekipamendu kulturalek euskal dantzatan eskua sartzeko garaian egin zituzten ekintza zehatzak identifikatzea eta aldaketa hauen eragina behatzea.

HARTZAILEAK

Formakuntza hau euskal dantzen inguruan interesa duen edonorentzat zuzendua dago. Ez da ezinbesteko gaur egungo euskal dantzen errepertorioa aldez aurretik jakitea, bilakaera koreografiko guzti hauek formakuntzan zehar azalduko baitira.

METODOLOGIA

Formakuntza urriaren 24 eta abenduaren 19 artean egingo da eta asteko saio bateko maiztasuna izango du. Bi ordutako 7 saiotan banatuko da formakuntza eta saio guztiak teorikoak izango dira. 17:00etatik 19:00ak arte izango dira saioak.

Saio horietako edukiak era argiagoan azaltzeko ikus-entzunezko dokumentuak erabiliko dira eta eduki horien zuzeneko analisia izango da saio bakoitzaren ardatza. Argazkiak eta bideoak analizatuz eraikiko da garai bakoitzean indarrena zegoen ondare immaterialaren moldea. Hots, euskal ondare immaterialeko dokumentu grafikoen eduki-analisiaz baliatuz, dantza hori aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak, entseguak, kudeaketa protokoloak eta abar, erakutsiko dira. Era honetan, euskal dantzen hezurdura historiko ezberdinak aurkeztuko ditugu. Deskribapen horien arteko konparaketen bidez euskal dantzek pairaturiko aldaketa garrantzitsuenak identifikatu eta ulertuko ditugu. Horretaz gain, saio bakoitzaren material idatzia eskuragarri izango dute ikasleek, atalen bat ber-irakurtzeko edota saioan landutako gaietan sakontzeko, adibidez, saioan aurkeztutako adibidetaz gain beste zenbait adibide izateko.

Formakuntzan jarraituko den sistematikari dagokionez, lehen saioa gaiaren aurkezpena eta kokapena eta formakuntzaren nondik-norakoak azaltzeko erabiliko da. Bigarren saioan, landa giroko euskal dantzen hezurdura azalduko da. Behin hori argi izanda euskal dantza molde honek jasan dituen bilakaerak zein diren ikusiko dugu formakuntzan. Hau da, ikastaro honetan XIX. mendeko antzezpenak hartuko ditugu 0 kasua bezala, eta hurrengo mendeetan zehar oinarrizko kasu hori nola bilakatu den analizatuko da. Honek ez du esan nahi kasu 0 hau originala edo benetako kasu bakarra denik, formakuntza honetako ibilbidearen hasiera baino ez da. Azken aurreko saioan beste autore batzuen ideia nagusienak azalduko dira. Izan ere, euskal dantzen analisi hau, esanahia edo sinboloetan gehiago sakonduz egin daiteke eta beraz beste lanketa hau egin duten beste ikerlari batzuk aurkeztuko dira. Azken saioan ondorio nagusien aurkezpena, puntu kritikoen inguruko eztabaida eta errepaso orokor bat burutuko da.

Ikasle bakoitzaren ebaluazio metodoari dagokionez, gai bakoitzaren bukaeran test labur bat egingo da edukien laburpen gisa, ikasle bakoitzak bere kabuz burutu beharko duena.

EGUTEGIA

Iraupena: 15 ordu (14 ordu online aurrez aurre eta ordubete ikasgela birtualetik kanpo).

Datak: Astelehenetan. Urriak 24. Azaroak 7-14-21-28. Abenduak 12-19.

Ordutegia: 17:00-19:00.

ESKAKIZUN TEKNIKOAK

Ikasleak Interneterako konexio egonkorra izan beharko du. Era berean, online saioetan parte hartzeko, bere ordenagailuan edo gailu mugikorrean Zoom bideokonferentzia-aplikazioa instalatu beharko du. Aplikazioa esteka honetan eskura daiteke: https://zoom.us/download #client_4meeting

PREZIOA

Ikastaro hau doakoa da.

MATRIKULA IREKIA

Beharrezkoa da "Izen-ematea" atalean dagoen formularioa betetzea.

HIZKUNTZA

Euskara.

DATAK

Hasiera data:

2022ko urriak 24.

Bukaera data:

2022ko abenduak 19.

Orduak: 15.

______________

Ikastaroa amaitzean, ikasleek UNED-Bergara Ikastetxe Elkartuak emandako ziurtagiria jasoko dute.


Kolaboratzailea

Asmoz-Logo